BILBAO RÍA 2000K HASI DITU, ALDI BEREAN, TRENBIDEA INTEGRATZEKO PROIEKTUAREN KONTRATAZIOA ETA OLABEAGA AUZO BERRIA DISEINATZEKO NAZIOARTEKO LEHIAKETA

- Sozietateak oinarrizko proiektuaren erredakzioa eta eraikuntza-proiektua lizitatu ditu, eta horren bidez trenbidea Montevideo Etorbideko ezpondarantz mugituko da, Bilboko auzo hori zeharkatzen duen tartean; halaber, aukera-espazio bat utziko du libre, lehiaketak definitu dezan hirian nola txertatuko den.
- Trenbidea integratzeko proiektuaren erredakzioak definituko du C1 eta C2 lineen eta merkantzia-linearen trazatuaren 1.270 metroren gauzapena, eta baita estaltze-egitura, bidaiarien geltoki berria, azpiestazio elektrikoa eta erabilerarik gabe geratzen diren trenbide-tarteen eraispena ere.
- Lizitazioaren zenbatekoa 2,3 milioi euro dira, eta beraren garapena BILBAO Ría 2000k eta Adifek zuzenduko dute elkarrekin.
- Beste alde batetik, epaimahaiaren esku-hartzearekin garatuko den Proiektuen Nazioarteko Lehiaketak Olabeagako hiri-garapenaren gidalerroak definituko ditu, oraingo auzoa hobetuko du eta Olabeagaren eta hiriaren garapen orekatua ahalbidetuko du, metropoliaren baitan, Zorrotzako Muturrarekin konektatuta, jarduketa hori ere BILBAO RÍA 2000k kudeatzen baitu.
- Epaimahaiak aukeratzen duen talde irabazleak Master Plana eta urbanizazioaren Aurreproiektua erredaktatuko ditu, 425.00 euroko aurrekontuarekin.
- Bi prozesuak, hau da, trenbidearen integrazioa eta hiru-antolamendua, aldi berean garatuko dira, koordinatuta egongo dira eta koherenteak izango dira eraikuntzaren eta funtzionaltasunaren ikuspuntuetatik.
- Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, Adifek, Bilboko Udalak eta BILBAO Ría 2000k, Olabeagaren garapenerako hitzarmen instituzionalaren sinatzaileak diren aldetik, bi prozesuak abiatzea adostu zuten urrian, trenaren trazatua definituko duen informazio-azterlanaren tramitazioarekin batera.
Bilbo, 2026ko otsailak 27. – Olabeagako bide-orriak aurrera egiten jarraitzen du, mugarri berriekin. BILBAO Ría 2000k trenbidea auzoko tartean integratzeko oinarrizko proiektuaren eta eraikuntza-proiektuaren erredakzioaren kontrataziorako deialdia egin du, eta baita proiektuen nazioarteko lehiaketarena ere, epaimahaiaren esku-hartzearekin, eremu horren hiri-antolamendurako.
Trenbidearen integrazioak Montevideo Etorbideko ezpondarantz mugituko du trena, Bilboko auzo hori zeharkatzen duen tartean; halaber, aukera-espazio bat utziko du libre, lehiaketak definitu dezan hirian nola txertatuko den. Proiektuak barne hartzen du auzotik pasatzen diren C1 eta C2 lineen eta merkantzia-linearen trazatuaren 1.270 metroren gauzapena, eta baita estaltze-egitura, bidaiarien geltoki berria, azpiestazio elektrikoa eta erabilerarik gabe geratzen diren trenbide-tarteen eraispena ere. Geroago, Garraio Ministerioak trenbidearen aldaketaren informazio-azterlana behin betiko onartzen duenean, Master Plan hori HAPOan aurreikusitako plan berezira eramango da, beraren hirigintza-tramitaziorako.
Aldi berean, abiatutako Nazioarteko Lehiaketak talderik onena bilatzen du, BILBAO Ría 2000ren zuzendaritzapean arituz eremu osoaren hiri-garapenaren gidalerroak definitu ditzan, eta, halaber, oraingo Olabeaga auzoa hobetu dezan eta Olabeagaren zein hiriaren garapena ahalbidetu dezaten, metropoliaren barruan, Zorrotzako Muturrarekin konektatuta, hori ere sozietate horrek kudeatzen baitu. Diziplina anitzeko konplexutasun tekniko berezia ikusita, eta kontuan hartuta, halaber, antolatu eta garatu beharreko eremuaren garrantzi estrategikoa eta haren definizioan inplikatutako sektore profesionalen ordezkaritzarik onena izateko beharra, BILBAO Ría 2000k proiektuen Lehiaketa bat planteatu du, epaimahaiaren esku-hartzearekin, Olabeagako eremuaren hiru-antolamendurako.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, Adifek, Bilboko Udalak eta BILBAO Ría 2000k, Olabeagaren garapenerako hitzarmen instituzionalaren sinatzaileak diren aldetik, bi prozesuak abiatzea adostu zuten urrian, trenaren trazatua definituko duen informazio-azterlanaren tramitazioarekin batera. Horrela abiatzen da Olabeaga auzoaren hobekuntza eta eraldaketarako lana, hau da, proiektu konplexu bat, zeinean BILBAO Ría 2000k lan egingo baitu datozen urteetan.
Trenbidea integratzeko proiektua
BILBAO Ría 2000k trenbidea Olabeagako tartean integratzeko proiektuaren erredakzioa lizitatu du. Gaur egun, hortik zirkulatzen dute C1 eta C2 lineen Aldiriko trenek eta Bilboko Portutik datozen merkantzia-trenek. Trenbidea integratzeko proiektuek Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa gaur egun tramitatzen ari den informazio-azterlanak aztergai duen proposamena garatuko dute.
Proiektua koordinatu egingo da eta guztiz bateragarria izango da ingurune horretarako aurreikusita dauden beste jarduketa batzuekin, hala nola Merkantzien Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbidea, Bilboko tranbia Zorrotzaurreraino luzatzeko proiektuarekin edo hiri-garapenarekin berarekin.
Proiektuaren erredakziorako, kontuan hartuko da beharrezkoa izango dela oraingo geltokia funtzionamenduan mantentzea, oraingo zerbitzu mailekin; horren eraginez, proiektuak behin-behineko egoerak definitu beharko ditu trenbide-zerbitzua etengo ez dela segurtatzeko.
Eraikuntza-proiektuak honako hau hartuko du barne: trazatuaren saihesbidearen definizioa, estaltze-egitura, geltoki berria, azpiestazio elektrikoa eta erabilerarik gabe geratzen diren trenbide-tarteen eraispena, aldiriko eta merkantzien trenen zirkulazioa une orotan mantenduz. Era horretan, honako elementu hauek proiektatuko dira: azpiegitura (obra zibila eta egiturak), plataforma, trenbidea, elektrifikazioa, segurtasun-instalazioak, eta, oro har, oinarrizko proiektuan jasotako jarduketak definitzeko beharrezkoa den obra zibil osoa. Halaber, obren gauzapenagatik ukituta geratzen diren elementu eta zerbitzu guztien leku-aldaketa edo birjarpena ere proiektatuko da.
Gisa berean, lizitazioaren xede diren trenbide-integrazioko lanak BILBAO Ría 2000k eta Adifek zuzenduko dituzte elkarrekin. Lehiaketaren lizitazioaren deialdia 2,3 milioi euroko oinarrizko aurrekontu batez egin da, eta erredakzioaren epea 24 hilabete izango dira.
Hiri Antolamenduaren Nazioarteko Lehiaketaren ezaugarriak
BILBAO Ría 2000k Olabeagaren eremuko hiri-antolamendurako proiektuen lehiaketa ere abiatu du, epaimahai baten esku-hartzearekin, hiri-garapenaren gidalerroak definitzeko xedez; BILBAO RÍA 2000k Olabeagaren ezagutzatik eta oraingo errealitatearekiko errespetutik heldu nahi dio garapen horri, hiriko gainerako eremuekin eta auzoa barne hartzen duen continuum metropolitarrarekin orekatuta.
Asmoa da kalitatezko hiri-espaziorik onena lortzea, etxebizitza eta ekipamendu aldetik beharrezkoa den garapena barne sartuta, betiere oraingo zein etorkizuneko baldintzapenak, mugak eta beharrak kontuan hartuta. Adibidez, lurralde-konexioa seguratzeari begira, lehentasunezkoak izan behar dira itsasadarrarekiko lotura, Arraiz mendiaren orografia, ibilgailuetarako beharrezkoak diren bideak, oinezko sarbideak, irisgarritasuna, ekipamenduen eta etxebizitzen garapena, hiriko erdigunearekiko konexioa, Zorrotza Muturrarekin eta Abandoibarrarekin eratu behar den continuuma, Euskaldunako kaien bitartez, eta San Mames – Basurto ingurunearekiko loturaren hobekuntza.
Orobat, garapen berria hiriko espazio ekonomikoan txertatu behar da, eta enplegua, ekintzailetza eta lehiakortasuna sustatu behar ditu, bertan sortzen diren zerbitzuetatik, merkataritza-espazioetarik eta ekipamenduetatik, auzoan bertan dauden zerbitzuen eskaintza osatzeaz eta handitzeaz batera.
Lehiaketaren helburuak
Lehiaketan parte hartzen duten antolamendu-proposamenek bete behar dituzten lehentasunezko helburuak honako hauek dira:
- Inklusibitatea eta oraingo Olabeagaren hobekuntza.
Lehiaketari Olabeagari buruzko ezagutzatik eta bere oraingo errealitatearekiko errespetutik heldu behar zaio, eta proposamenek beraren hobekuntzari ekarpen garbia egiten dioten alderdiak sartu behar dituzte barne.
- Hiri-garapenaren eta trenbide-soluzioaren arteko sinbiosia.
Trenbidearen integrazioa ezinbestekoa da auzoaren geroagoko garapenerako, eta, hortaz, bi prozesuak koordinatuta egon behar dira eta aldi berean garatu. Horregatik, zentzu berezia hartzen du BILBAO Ría 2000k gidatu eta gauzatu ditzala bi prozesu eta proiektu horiek.
- Hiri-espazio berri bat, continuum metropolitarrean orekatua.
Olabeagak bere izaera eta identitatea gorde behar dituen auzo bat da, eta, gainera, rol garrantzitsua jokatu behar du hirian. Horregatik, ezin heldu dakioke bere garapenari modu isolatuan, Basurtu, Zorrotzaurre eta Zorrotzako Muturrarekin izan behar duen lotura eta gune horiekin osatu behar duen continuuma kontuan hartu gabe, ezta hiriaren gainerako eremuei egin diezaiekeen ekarpena ere kontuan hartu gabe.
- Hurbiltasuneko zerbitzuak, oraingo ehunean integratuta.
Hurbiltasuneko zerbitzuak handitzeko aukera bat da, oraingo eta etorkizuneko auzorako.
- Balioaren sorrera hiriko hiri-diseinuan.
Kontuan hartuko dira bai proposamenen hirigintza-kalitatea eta bai antolamendu berriak oraingo errealitatearekin duen lotura.
- Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa, soziala eta ingurumenekoa.
Trenbidearen garapenak ahalbidetzen duen hiri-garapena funtsezkoa da bai integrazioa bera finantzatzeko eta bai auzo berria finantzatzeko; horri gehitu behar zaio instituzioen inbertsio-ahalegin mardula, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, Adifek, Bilboko Udalak eta BILBAO Ría 2000k trenbidearen integraziorako eta hiri-garapenerako sinatu duten hitzarmenean jasotzen den bezala.
Lehiaketaren eremua
Lehiaketaren eremuaren barruan bi maila definitzen dira, auzoaren eskala desberdinetan modu egokian lan egiteko xedez: oraingo eta etorkizuneko Olabeaga, ingurune hurbila, hiria eta continuum metropolitarra. 1. mailak 25 hektareako azalera du, gutxi gorabehera, eta bai Master Planaren eta bai urbanizaziorako aurreproiektuaren xedean dago sartuta.
- mailaren mugak, berriz, honako hauek dira: Montevideo Etorbidea, Zorrotzaraino; San Mames estadioaren ingurunea; Euskaldunako eremua eta bertako dikeak; Olabeaga pasealekua; eta ur-geruza. 2. mailak 57 hektareako azalera du, gutxi gorabehera, eta Master Planaren xedean dago sartuta.
Lehiaketaren faseak
Lehiaketaren lehenengo fasea irekia eta lehia librekoa da, eta ez du kontraprestazio ekonomikorik izango. Bigarren faserako, berriz, gehienez sei hautagaitza aukeratuko dira, aurkezten diren guztien artean, haien ahalmena, kaudimena eta aurretik egindako lanak oinarritzat hartuta, eta horietako bakoitzak 46.000 euroko kontraprestazio ekonomikoa jasoko du bere proposamena aurkezteagatik. Gainera, lehiaketa irabazten duen hautagaitzak Olabeagako Master Planaren erredakzioaren adjudikazioa ere eskuratuko du, 225.000 eurorengatik, hamabi hilabeteko epean gauzatzeko; eta eremu horretako urbanizazio-aurreproiektuaren erredakzioaren adjudikazioa ere bai, 200.000 eurorengatik, BILBAO Ría 2000ren zuzendaritzapean, hamar hilabeteko epean gauzatzeko -epe hori Master Plana erredaktatzeko aldiarekin gainjarri daiteke-.
Lehiaketaren irabazleak, gainera, 10.000 euro gehiago jasoko ditu lehiaketaren sari gisa. Gainera, Epaimahaiak bi akzesit -gehienez ere- proposatu ahal izango ditu, zuzkidura honekin: 6.000 eta 4.000 euro, hurrenez hurren.
Talde irabazlea
Epaimahaikideak erakunde hauetako ordezkariak izango dira: BILBO Ría 2000, Adif, Bilboko Udala, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (COAVN), Euskal Herriko Arkitekto Hirigileen Elkargoa (AVNAU), Bide, Kanal eta Portuen Ingeniarien Elkargoaren Euskal Herriko mugapea, eta ospe aitortuko hirigile bat. Epaimahaiaren eginkizuna izango da proposamenik onena aukeratzea, gero ahalik eta talderik onenarekin landu ahal izateko elkarrekin Master Plana.
Talde teknikoak gutxienez zazpi partaide izango ditu, honako profil profesional hauekin:
- Taldeko arduradun bat, urbanizazio-proiektuak eta hirigintza-tresnak garatzeko eskumenekin; bera izango da Master Planaren eta urbanizazio-aurreproiektuaren egilea.
- Lurralde-antolamenduan eta hiri-diseinuan espezializatutako pertsona bat.
- Hiri-paisajismoan eta lorezaintzan espezializatutako pertsona bat.
- Azpiegitura, bide-sare, hiru-mugikortasun eta instalazioetan espezializatutako pertsona bat.
- Baliabide energetiko, hidriko eta materialen eta hondakinen kudeaketa efiziente eta jasangarrian espezializatutako pertsona bat.
- Hirigintza jasangarri eta osasungarrian espezializatutako pertsona bat.
- Hiri-soziologian eta espazio publikoko elkarreraginean espezializatutako pertsona bat.
Hurrengo urratsak
Olabeagako trenbide-integrazioaren oinarrizko proiektuaren eta eraikuntza-proiektuaren erredakzioa bukatuta dagoenean, BILBAO Ría 2000k obren adjudikazioa lizitatu ahal izango du. Obrak 2029an hasi litezke.
Beste alde batetik, Nazioarteko Lehiaketaren talde irabazlea nor den 2026an jakingo da, eta talde horrek Master Plana eta urbanizazio-aurreproiektua erredaktatu beharko ditu, trenbidearen diseinua egiten den denbora-tarte berean, hots, aldi bereko lanak izango dira. Hirigintza-tramitazioa egin ondoren, hiri-garapenerako obrak 2029-2030ean hasi ahal izango dira, trenbide-integrazioarekin koordinatuta.
Bi prozesuen amaierak bizikidetza-espazio berriak irekiko ditu Olabeagan eta hirian, BILBAO Ría 2000 sozietatearen berezko adostasun eta ahobatezkotasunari esker lortutako inbertsio instituzional mardulaz baliatuz.
BILBAO Ría 2000ri buruz
BILBAO Ría 2000 Bilbo metropolitarreko lurraldearen garapen sozial eta ekonomikora zuzendutako adostasun-espazio bat da.
Administrazio publiko guztiek presentzia dute bere Administrazio Kontseiluan, eta horrek ahalbidetzen die bere kideei proiektu konplexuak bultzatzea, euren egunerokotasunetik harago, horien fase guztietan: ikuspegia, plangintza, proiekzioa eta gauzapena.
BILBAO Ría 2000ren jarduera-planek leku berean dituzte abiapuntua eta helmuga: pertsonak, haien auzoa, hiria eta lurraldea. Haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen dituzte, jarduera ekonomikoa bultzatzen dute eta inguruneak oraingo eta etorkizuneko biztanleekin konektatzen dituzte, inklusioa, jasangarritasuna eta aniztasunarekiko errespetua irizpidetzat hartuta. 1992an eratu zenez geroztik, sozietateak 1.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu lurraldea sozialki eta ekonomikoki garatzeko.
Lurralde-proiektu konplexu horiek adostasuna, ikuspegi egokia, ahalmena eta esperientzia eskatzen dituzte, eta horiexek dira, hain zuzen erre, BILBAO Ría 2000ren balio nagusiak.