BILBAO RÍA 2000KO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAK ARGI BERDEA EMAN DIO TRENA PUNTA ZORROTZAKO TARTEAN INTEGRATZEA AHALBIDETUKO DUEN TRAMITAZIOAREN HASIERARI

- Sozietateak onartu egin du Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren, Adif-en eta BILBAO Ría 2000ren arteko protokoloaren edukia; dokumentu horrek jasotzen du azken horri egindako enkargua, aldiriko trenen C1 eta C2 lineen integraziorako Bideragarritasun Azterlana garatu dezan.
- Operazioaren bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa modu globalean aztertuko duen azterlan estrategikoa da. Dokumentu hori beharrezkoa da Ministerioak geroago erredaktatuko duen eta trenaren behin betiko trazatua zehaztuko duen Informazio-azterlanerako.
- Protokoloak hiru sinatzaileen borondatea adierazten du, beharrezkoak diren jarduketak garatzeko esparru orokorra ezartzeari begira, trenbidea Zorrotako Muturraren eremuan integratzera zuzendutako lankidetza eta koordinazioari dagokienez; adierazten du, halaber, hori lortzeko beharrezkoak diren dokumentuak lantzen hasteko hirurek duten asmoa.
- Zorrotzako Muturra kokagune estrategiko bat da, plangintza eta kudeaketa aldetik aukera eta erronka handiak dituena eta antzekotasun handia duena BILBAO Ría 2000ren esku ere dagoen Olabeagako garapenarekin, hots: aldiriko linearen trenbide-integrazioa bera eta horren osteko hiri-garapena.
- Olabeaga eta Zorrotza auzoen batasuna eta hurbiltasuna garatu ahal izateko, ikuspegi global bat behar da, eta baita mailaz maila antolatutako egutegi bat eta kudeaketa konpartitu bat ere, eta hori posible izango da erakunde berbera arduratuko delako beraren hiri-eraldaketaz.
Bilbo, 2026ko martxoak 23.- BILBO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak onartu du Espainiako Gobernuaren Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren, Adif-en eta BILBAO Ría 2000ren artean sinatuko den protokoloaren edukia; dokumentu horrek trenbidea Zorrotzako Muturrean integratzea ahalbidetuko duen Bideragarritasun Azterlanaren garapena enkargatzen dio azken erakunde horri. Operazioaren bideragarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa modu globalean aztertuko duen azterlan estrategikoa da. Dokumentu hori ezinbestekoa da Ministerioak geroago erredaktatuko duen eta trenaren behin betiko trazatua zehaztuko duen Informazio-azterlanerako.
Horrela hasten da bere atalak -bideragarritasun-azterlana, informazio-azterlana eta hiri-antolamenduko planaren aldaketa- elkarri lotuta dituen tramitazio bat; prozesu horrek antzekotasun handia du Olabeagan jadanik hasita eta aurreratuago dagoen jarduera-planarekin, berau ere BILBAO Ría 2000k kudeatua. Hala, Olabeaga eta Zorrotza auzoen batasunak eta hurbiltasunak ikuspegi global bat behar dute beren garapenerako, eta baita egutegi kateatu bat eta kudeaketa konpartitu bat ere, eta hori posible izango da erakunde berbera arduratuko delako haien hiri-eraldaketaz.
Zorrotzako Muturreko jarduera-plana
Zorrotzako Muturra kokagune estrategiko bat da: Olabeaga ondoan kokatuta, Zorrotzaurre uhartearen aurrean, eta Burtzeña eta Urban Galindo eremuetara iristeko mugan. Aukera eta erronka handiak ditu plangintza eta kudeaketa aldetik, eta antzekotasun nabaria du Olabeagako garapenarekin, BILBAO Ría 2000 jadanik kudeatzen ari den hirigintza-jarduerak eta trenbidearen integrazioa barne sartuta.
Gehienbat titulartasun publikoa duen eremu bat da, zeinean sozietateko administrazio-kontseiluko kide gehienek jabetza eta/edo interesak baitituzte: Adif, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Portu Agintaritza eta Bilboko Udala. Olabeagan bezala, kontsentsu instituzionala funtsezkoa izango da hiri-garapenerako, helburu nagusi hauek lortzeari begira:
- Zorrotza kohesionatzea eta hiriarekin are gehiago lotzea, Olabeaga, Zorrotzaurre eta San Inazioaren bitartez.
- Jarduera ekonomikoa, bizileku-garapena, hurbiltasuneko eta hiriko ekipamendu berriak eta aisialdirako eremu libreak ezartzea.
- Oraingo azpiegiturek -batez ere Renferen trenbidearenak- sortzen dituzten barrerak minimizatzea.
- Oinekoen, bizikleten eta tranbiaren mugikortasuna Pasealeku Metropolitarrean integratzea, Bilbo Metropolitarreko LPParen aurreikuspenekin bat etorriz.
- Itsasorako irekiera aprobetxatzea, itsasadarrarekin eta Kadaguarekin lotutako jarduerak inplementatzearen bidez, haren ertzak berreskuratuz eta fronte horiek herritarren gozamenerako irekiz.
- Beraren plangintza eta ekintza Olabeaga, Zorrotzaurre eta Burtzeñako garapenekin koordinatzea, ezinbesteko koordinazioaren eta lurralde-kohesioaren alde eginez.
- Azkenik, beharrezkoa da babes bereziko ondasun kulturalen presentzia ere azpimarratzea.
Protokoloaren edukia
Administrazio Kontseiluak bere gaurko bileran onartu duen protokoloaren bitartez, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren, ADIFen eta BILBAO Ría 2000ren borondatea adierazten da, alegia, beharrezkoak diren jarduketak garatzeko esparru orokorra ezartzeko borondatea, trenbidea Zorrotzako Muturraren eremuan integratzera zuzendutako lankidetza eta koordinazioari dagokienez; adierazten da, halaber, horren lorpenerako beharrezkoak diren dokumentuak garatzen hasteko duten asmoa.
Orobat, dokumentuak jarraipen-batzorde baten sorrera ere jasotzen du. Alderdi sinatzaileek osatuta, bere zeregina izango da protokoloaren jarduketak bultatzea eta kontrolatzea.
Gainera, protokoloak jasotzen du sinatzaileek badutela borondatea bertan aurreikusitako jarduketen kostua finantzatzeari eta lana gauzatzeari buruzko hitzarmen bat sinatzeko. Horren banaketa hitzarmenean bertan definituko da.
Prozesuaren aldiberekotasuna
Gogoratu behar da BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak onartu zuela, iragan ekainean egindako bileran, sozietateak Zorrotzako Muturrean gauzatuko duen jardueraren proposamena; halaber, gogoratu behar da Bilboko Udalak geroago -urrian- enkargatu diola sozietate horri egokitzat jotzen dituen operazio guztiak gauzatzea, onartzen den antolamendua etorkizunean gauzatzeko.
Gaur egun, Bilboko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa bat tramitatzen ari da, Zorrotzako Muturraren hiri-garapena ahalbidetzeko; nolanahi ere, horren behin betiko onarpenerako beharrezkoa da aurretik onartzea, behin betiko, Adif-en 01-720-Bilbo Abando-Santurtzi linearen trazatua aldatzeko Informazio-azterlana. Horregatik, oso garrantzitsua da trenbide-integrazioak eskatzen duen prozeduraren hasieran aurrera egitea, eta horretarako Informazio-azterlana da funtsezkoa.
BILBAO Ría 2000ri buruz
BILBAO Ría 2000 Bilbo metropolitarreko lurraldearen garapen sozial eta ekonomikora zuzendutako adostasun-espazio bat da.
Administrazio publiko guztiek presentzia dute bere Administrazio Kontseiluan, eta horrek ahalbidetzen die bere kideei proiektu konplexuak bultzatzea, euren egunerokotasunetik harago, horien fase guztietan: ikuspegia, plangintza, proiekzioa eta gauzapena.
BILBAO Ría 2000ren jarduera-planek leku berean dituzte abiapuntua eta helmuga: pertsonak, haien auzoa, hiria eta lurraldea. Haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen dituzte, jarduera ekonomikoa bultzatzen dute eta inguruneak oraingo eta etorkizuneko biztanleekin konektatzen dituzte, inklusioa, jasangarritasuna eta aniztasunarekiko errespetua irizpidetzat hartuta. 1992an eratu zenez geroztik, sozietateak 1.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu lurraldea sozialki eta ekonomikoki garatzeko.
Lurralde-proiektu konplexu horiek adostasuna, ikuspegi egokia, ahalmena eta esperientzia eskatzen dituzte, eta horiexek dira, hain zuzen erre, BILBAO Ría 2000ren balio nagusiak.