GARRAIO MINISTERIOAK, ADIF-EK ETA BILBAO RÍA 2000K PROTOKOLO BAT SINATU DUTE, ZORROTZAKO MUTURREAN TRENBIDEAREN INTEGRAZIOA BULTZATU ETA AUZOAREN ETORKIZUNEKO GARAPENA BIDERATZEKO

- Dokumentuak jasotzen du BILBAO RÍA 2000ri egindako enkargua, alegia, Aldiriko Trenen C1 eta C2 lineen trenbide-integrazioaren bideragarritasun eta errentagarritasunari buruzko Azterlana garatzea, eta eremu horretako antolamenduan aurreikusitako karga eta aprobetxamenduen analisia egitea; izan ere, horren lizitaziorako baldintza-agiriak gaur onartu ditu bere Administrazio Kontseiluak.
- Azterlanaren bidez, trenbide-integraziorako dauden alternatibak aztertuko dira eta egokiena proposatuko da, ikuspuntu sozial, juridiko eta ekonomikotik eta ingurumen-eta eraikuntza ikuspuntutik, trenbideak lekuz aldatzeko eta bidaiarien geltoki berria egiteko dauden alternatiba horietako bat aukeratuz, etorkizuneko auzo berriaren garapena ere kontuan hartuta. Garapen hori gehienez bi urtean hasi ahal izango da, zeren trenaren obrek ez baitute baldintzatuko.
- Azterlan estrategiko hau funtsezkoa da ondoren Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren informazio-azterketa tramitatzeko; BILBAO Ría 2000 sozietateak lizitatzen duen lehenbizikoa da, 2025eko abenduan onetsitako Mugikortasun Jasangarriari buruzko Lege berriak ezartzen dituen betekizunei jarraikiz.
- Zorrotzako Muturra kokagune estrategiko bat da, plangintza eta kudeaketa aldetik aukera eta erronka handiak dituena; bertan, gainera, auzo berriaren ekonomia- eta bizileku-trakzioak 10.000 pertsonatik gorako mugikortasuna sortuko du egunero.
- Olabeagan bezala -berau ere BILBAO Ría 2000k kudeatzen du-, kontsentsu instituzionala funtsezkoa izango da bere hiri-garapenerako. Horren helburu nagusietako bat izango da Zorrotza kohesionatzea eta hiriarekin are gehiago lotzea, Olabeaga, Zorrotzaurre eta San Inazioren bidez.
Bilbo, 2026ko ekainak 22.- Espainiako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren estatu-idazkari José Antonio Santanok, Adif-eko presidente L.Pedro Marco de la Peñak eta BILBAO Ría 2000ko presidente Juan Mari Aburtok sinatu dute, gaur, azken sozietate horri egindako enkargua jasotzen duen protokoloa, alegia, trenbidea Zorrotzako Muturrean integratzearen Bideragarritasun eta Errentagarritasunari buruzko Azterlanaren garapena eta eremu horretako hirigintza-antolamenduan aurreikusitako Karga eta aprobetxamenduen analisia. Azterlan estrategiko hori funtsezkoa da Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak geroago Informazio-azterlanak tramitatu dezan; berau 2025eko abenduan onartutako Mugikortasun Jasangarriari buruzko Lege berriaren betekizunen arabera lizitatuko da. Dokumentuak aztergai izango ditu trenbide-integraziorako dauden alternatibak eta egokiena proposatuko du, ikuspuntu sozial, juridiko eta ekonomikotik eta ingurumen eta eraikuntza-ikuspuntutik begiratuta, bai trenbideak lekuz aldatzeko eta bai Zorrotzako bidaiarien geltoki berria eraikitzeko, eta, halaber, auzo berriaren etorkizuneko hiru-garapenerako alternatiba egokiena ere aukeratuko du; garapen hori pixkanaka hasi ahal izango da, proiektuaren bilakaeraren eta hirigintza-plagintzaren arabera, ez baitago zuzenean trenbide-obren mende.
Zorrotzako Muturra kokagune estrategiko bat da, plangintza eta kudeaketa aldetik aukera eta erronka handiak dituena; bertan, gainera, auzo berriaren ekonomia- eta bizileku-trakzioak 10.000 pertsonatik gorako mugikortasuna sortuko du egunero. Olabeagan bezala -berau ere BILBAO Ría 2000k kudeatzen du-, kontsentsu instituzionala funtsezkoa izango da bere hiri-garapenerako. Horren helburu nagusietako bat izango da Zorrotza kohesionatzea eta hiriarekin are gehiago lotzea, Olabeaga, Zorrotzaurre eta San Inazioren bidez.
Bideragarritasun eta errentagarritasunari buruzko azterlana, eta karga eta aprobetxamenduen analisia
Protokoloa sinatu ondoren, BILBAO Ría 2000k laster lizitatuko du lan hau: ’01-720-Bilbo Indalecio Prieto – Santurtzi linearen trenbidea Zorrotzako Muturrean integratzeari buruzko bideragarritasun- eta errentagarritasun-azterlana, eta Bilboko Zorrotzako Muturreko BZ.01 azpieremuan aurreikusitako karga eta aprobetxamenduen analisia’. Dokumentuak, besteak beste, honako hau sartuko du barne:
- Bideragarritasun-azterlana
Azterlan honek jasoko ditu bai alternatibei buruzko aurretiko analisia eta bai eskariaren azterketa eta kostu-onura analisia. Horretarako, honako hau egingo du:
- Alternatiben alderaketa eta aukeraketa.
- Mugikortasunari buruzko azterlana, mugikortasun-eredua aurreikusitako eszenario eta jarduera desberdinen arabera aztertzearen emaitza barne hartuko duena, bere konklusioekin.
- Ondorioztatutako trenbide-integrazioaren eta hiri-garapenaren soluzioaren karakterizazio tekniko bat.
- Azterlan funtzional bat, kapazitateari buruzkoa eta ustiapenerako proposamenekin, garraio eta geltokiaren eskariari buruzko azterketa barne hartuko duena.
- Errentagarritasunari buruzko azterketa, ikuspegi ekonomiko, sozial, finantzario eta ingurumenekotik.
- Barne sartuko ditu trenbide-jarduerarako planteatutako alternatibak, eskariari buruzko aurreikuspenak eta horren ondorio ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak.
- Karga eta aprobetxamenduen analisi eta balorazioaren azterlana:
- Beste parametro batzuen artean, jarduerak gauzatzeko faseak definituko ditu (trenbide-integrazioa eta hiri-garapena), eta baita horien bideragarritasun teknikoa ere, jarduketa bakoitza gauzatzeko denbora eta ordenari dagokienez eta operazioaren finantziagarritasun jasangarriari dagokionez ere, fase bakoitzean.
Lehiaketak 420.000 euroko lizitazio-aurrekontua izango du (BEZa kanpo utzita), eta 12 hilabeteko gauzatze-epe bat.
Zorrotzako Muturreko jarduera-plana
Zorrotzako Muturra kokagune estrategiko bat da, gutxi gorabehera 320.000 metro karratuko azalera duena: Olabeaga ondoan kokatuta dago, Zorrotzaurre uhartearen aurrean, eta Burtzeña eta Urban Galindo eremuetara iristeko mugan. Aukera eta erronka handiak ditu plangintza eta kudeaketa aldetik, eta antzekotasun nabaria du Olabeagako garapenarekin, BILBAO Ría 2000 jadanik kudeatzen ari den hirigintza-jarduerak eta trenbidearen integrazioa barne sartuta.
Eremu horretan titulartasun publikoko lurzoruak daude gehienbat: Adif, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Portu Agintaritza eta Bilboko Udala.
Olabeagan bezala, kontsentsu instituzionala funtsezkoa izango da hiri-garapenerako, helburu nagusi hauek lortzeari begira:
- Zorrotza kohesionatzea eta hiriarekin are gehiago lotzea, Olabeaga, Zorrotzaurre eta San Inazioaren bidez.
- Jarduera ekonomikoa, bizileku-garapena, hurbiltasuneko eta hiriko ekipamendu berriak eta aisialdirako eremu libreak ezartzea. Aurreikusten da efektu traktoreak 10.000 pertsonen mugikortasuna sortuko duela, egunean, eremu berrian.
- Oraingo azpiegiturek -batez ere Adifen trenbidearenak- sortzen dituzten barrerak minimizatzea.
- Oinezkoen, bizikleten eta tranbiaren mugikortasuna Pasealeku Metropolitarrean integratzea, Bilbo Metropolitarreko LPParen aurreikuspenekin bat etorriz.
- Itsasorako irekiera aprobetxatzea, itsasadarrarekin eta Kadaguarekin lotutako jarduerak inplementatzearen bidez, haren ertzak lehentasunez berreskuratuz eta fronte horiek herritarren gozamenerako irekiz.
- Beraren plangintza eta ekintza Olabeaga, Zorrotzaurre eta Burtzeñako garapenekin koordinatzea, ezinbesteko koordinazioaren eta lurralde-kohesioaren alde eginez.
- Orain finkatuta dagoen errealitatea zaintzea; adibidez: bi parkeak.
- Azkenik, beharrezkoa da babes bereziko ondasun kulturalen presentzia ere azpimarratzea.
Gaur egun, Bilboko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa bat tramitatzen ari da, Zorrotzako Muturraren hiri-garapena ahalbidetzeko; nolanahi ere, horren behin betiko onarpenerako beharrezkoa da aurrez Garraio Ministerioaren Trenbide Sektoreko Zuzendaritza Nagusiak informazio-azterlana onestea behin betiko, Adif-en 01-720-Bilbo Abando-Santurtzi linearen trazatua aldatzeko. Horregatik, oso garrantzitsua da trenbide-integrazioak eskatzen duen prozeduraren hasieran aurrera egitea, eta horretarako Informazio-azterlana da funtsezkoa.
BILBAO Ría 2000ri buruz
BILBAO Ría 2000 Bilbo metropolitarreko lurraldearen garapen sozial eta ekonomikora zuzendutako adostasun-espazio bat da.
Administrazio publiko guztiek presentzia dute bere Administrazio Kontseiluan, eta horrek ahalbidetzen die bere kideei proiektu konplexuak bultzatzea, euren egunerokotasunetik harago, horien fase guztietan: ikuspegia, plangintza, proiekzioa eta gauzapena.
BILBAO Ría 2000ren jarduera-planek leku berean dituzte abiapuntua eta helmuga: pertsonak, haien auzoa, hiria eta lurraldea. Haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen dituzte, jarduera ekonomikoa bultzatzen dute eta inguruneak oraingo eta etorkizuneko biztanleekin konektatzen dituzte, inklusioa, jasangarritasuna eta aniztasunarekiko errespetua irizpidetzat hartuta. 1992an eratu zenez geroztik, sozietateak 1.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu lurraldea sozialki eta ekonomikoki garatzeko.
Lurralde-proiektu konplexu horiek adostasuna, ikuspegi egokia, ahalmena eta esperientzia eskatzen dituzte, eta horiexek dira, hain zuzen erre, BILBAO Ría 2000ren balio nagusiak.