Cargando...

BILBAO Ría 2000

Bilboren eraldaketa

Nerbioi ibaiaren estuarioaren ertzetan dauden udalerriek osatutako metropoliaren burualdea da Bilbo

Itsas merkataritzarako hiri gisa sortu zen, 1300. urtean, hain zuzen ere ibaia nabigagarria izaten hasten den eremuan. XIX. eta XX. mendeetan, meatzaritzari, siderurgiari eta ontzigintzari lotutako industria garrantzitsua garatu zen bertan. Horrela, Bilbo industria- eta portu-hiri handia bihurtu zen. Jarduera horiek ibaiertzetan kokatu ziren, eta metropoliaren hiri-garapena zeharo baldintzatu zuten.

1980ko krisialdiak sekulako eragina izan zuen Bilbon. Industria garrantzitsu asko itxi edo modernizatu egin ziren, eta horrek berebiziko inpaktua izan zuen itsasadarraren ingurunean. Baina, aldi berean, hiriaren garapenerako balio handiko lurzoruak berreskuratzeko aukera ekarri zuen.

Antzinako industriagune horiek berreskuratu eta portu-jarduerak kanpoko badiara eraman zirenez, hiria ibaiari eta itsasadarrari begira jarri zen berriro, eta hiri-eraldaketako prozesu orokor bati ekin zion.

Lehen ontziolak, edukiontzi-eremuak eta labe garaiak zeuden espazioak pasealeku, parke, aire zabaleko arte-galeria, auzo berri eta negoziogune bihurtu dira orain. Horietan, kalitateko arkitektura da berrikuntzaren funtsezko iturburuetako bat.

Hiriaren eraldaketaren ondorioz, sare ekonomiko berria ari da sortzen, zerbitzuak, kultura eta industria berriak ardatz dituena. Izan ere, hirigintza, ingurumena eta ekonomia hobetzeko estrategia ordenatu baten zerbitzura daude orain ibaiertzak.