BILBAO RÍA 2000K TRENBIDEA INTEGRATZEKO PROZESUA ETA HIRI-ANTOLAMENDUA BULTZATUKO DITU OLABEAGAN
- Sozietateak urtea amaitu baino lehen onetsiko ditu baldintza-agiriak, batetik, Olabeaga parean trena integratzeko oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua idazteko eta, bestetik, eremuaren hiri-antolamenduko lehiaketarako.
- Olabeaga garatzeko hitzarmen instituzionala sinatu duten alderdiek —Garraio eta Mugikortasun Jasangarritasun Ministerioa, ADIF, Bilboko Udala eta BILBAO Ría 2000— erabaki dute sozietateari eginiko enkargua bizkortzea, eta bi prozesuak abian jarriko dituzte, trenaren trazadura definituko duen informazio-azterketa izapidetzearekin batera.
- Trenbidea integratzeko proiektuaren barruan sartuko dira C1 eta C2 lineen eta salgaien lineen trazadura-saihesbidea, estaltzeko egitura, bidaiarientzako geltoki berria, azpiestazio elektrikoa eta erabiltzen ez diren trenbide-zatiak desegitea.
- Hiri-antolamenduak, berriz, Olabeaga hobetuko du; hala, eremu eta hiri orekatu bat garatzea ahalbidetuko du, continuum metropolitanoan txertaturik eta Zorrotza Muturrarekin lotuta, hori ere BILBAO Ría 2000 sozietateak kudeatuta.
- Bi prozesuak —trenbidea integratzea eta hiri-garapena— koordinatuta egongo dira, eta koherenteak izango dira eraikuntzaren eta funtzionaltasunaren ikuspegitik.
- Auzotarrak dira bi prozesuetako parterik garrantzitsuena, eta BILBAO Ría 2000 hasi da harremanetan garapen osoan zehar informazioa emateko eta ekarpenak jasotzeko.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, ADIFek, Bilboko Udalak eta BILBAO Ría 2000k —Olabeaga garatzeko hitzarmen instituzionalaren sinatzaileek, alegia— erabaki dute bultzatzea sozietate honi emaniko enkargua, eremu horretako trenbidea integratzeko prozesuarekin eta hiri-antolamenduarekin loturik. 2024an sinatutako hitzarmenari eginiko eranskin baten bidez, bi prozesuak aktibatzea erabaki dute, Ministerioa egiten ari den eta trenaren trazadura definituko duen informazio-azterketaren izapideekin batera gara daitezen.
Hori horrela, BILBAO Ría 2000k urtea amaitu baino lehen onetsiko ditu Olabeaga parean trena integratzeko oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua idazteko baldintza-agiriak, baita eremu horren hiri-antolamendurako proiektu-lehiaketaren oinarriak ere, epaimahaiaren esku-hartzearekin. Lizitazioa argitaratzeko, beharrezkoa izango da hitzarmenaren eranskina sinatzea. Alderdi hori gaur eman du ontzat BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak. Gainerako erakunde sinatzaileak ere ari dira izapidetzen adostasun hori, eta halaxe abiaraziko da Olabeaga auzoa hobetzeko eta eraldatzeko egitasmoa. Proiektu konplexua da, eta BILBAO Ría 2000k datozen hamar urteetan lan egingo du horretan.
Trenbidea integratzeko proiektua
Gaur egun, C1 eta C2 lineetako aldiriko trenak eta Bilboko portutik datozen salgaien trenak igarotzen dira Olabeagatik. Trenbidea integratzeko proiektuen baldintza-agiriak laster onetsiko dira. Proiektu horiek garatuko dute gaur egun Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa izapidetzen ari den informazio-azterketak xede duen proposamena. Barnean hartuko dira, halaber, trazadura estaltzeko egitura, bidaiarientzako geltoki berria, azpiestazio elektrikoa eta erabiltzen ez diren bide-zatiak desegitea.
Proiektua koordinatuta egingo da, eta guztiz bateragarria izango da inguruan aurreikusitako beste jarduketa batzuekin, hala nola Salgaien Trenbidearen Hegoaldeko Saihesbidearekin, Bilbotik Zorrotzaurrerako tranbia luzatzearekin edo hiri-garapenarekin berarekin.
Era berean, BILBAO Ría 2000 sozietateak eta ADIFek zuzenduko dituzte lizitazioaren xede diren lanak, hau da, trenbidea integratzera bideratutakoak. Lehiaketaren deialdia 2 milioi eurotik gorako oinarrizko lizitazio-aurrekontuarekin egitea aurreikusten da gutxi gorabehera. 24 hilabete izango dira Olabeaga parean trenbidea integratzeko oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua idazteko.
Hiri-antolamenduko lehiaketa
Hemendik gutxira, berebat, Olabeagako hiri-antolamendurako proiektu-lehiaketa lizitatzeko baldintza-agiriak onetsiko ditu BILBAO Ría 2000k. Lehiaketak definituko ditu hiri-garapenaren ildo nagusiak. BILBAO Ría 2000k Olabeagako egungo errealitatea ezagutuz eta errespetatuz landuko ditu ildo horiek, eta oreka gordeko du hiriko gainerakoarekin eta continuum metropolitanoarekin.
Lehiaketan parte hartzen duten antolamendu-proposamenek lehentasunezko helburu hauek bete behar dituzte:
- Olabeagaren gaur egungo inklusibitatea eta eremua hobetzea.
- Hiri-garapenaren eta trenbide-soluzioaren arteko sinbiosia.
- Hiri-espazio orekatu berri bat continuum metropolitanoan.
- Hurbileko zerbitzuak gaur egungo ehunean integratzea.
- Hiri-diseinuan balioa sortzea.
- Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa, teknikoa eta soziala, baita ingurumenekoa ere.
Olabeagako hiri-antolamendua lortzeko, epaimahaiak esku hartzeko proiektu-lehiaketaren modalitatea erabiliko da, betiere bi fasetan garatuta. Lehenengoan, parte hartzeko eskaera aurkezten duten hautagaien artetik aukeratuko da zer taldek esku hartuko duten, haien gaitasunean, kaudimenean eta aldez aurretik egindako lanetan oinarrituta. Bigarrenean, talde-kopuru bat gonbidatuko da, eremua antolatzeko eta diseinatzeko proposamenak aurkeztu ditzaten. Epaimahaiak aukeratzen duen talde irabazleak Master Plana eta Urbanizazio Aurreproiektua idatziko ditu, BILBAO Ría 2000 sozietateak zuzenduta.
Master Plana eta Urbanizazio Aurreproiektua idazteko, 425.000 euroko aurrekontua zenbatesten da.
Olabeagaren egungo garrantzia
Bizilagunak dira parterik garrantzitsuena trenbidea integratzeko prozesuan eta Olabeagako hiri-antolamenduan. Hori horrela den aldetik, BILBAO Ría 2000 harremanetan jarri da bizilagunekin, garapen osoan zehar haien ekarpenak jasotzeko eta haiei informazioa emateko.
Olabeaga auzoaren hobekuntza- eta eraldaketa-proiektua konplexua da eta luzatu egingo da denboran. Horregatik, prozesu horren funtsezko parte bat izango da informazioa eskaintzea eta informazio- eta iradokizun-eskaerei erantzutea, bai lanen hasieran, bai lanak egiten diren bitartean.
BILBAO Ría 2000k egin ditu jada lehen bilerak, eta dagoeneko 150 pertsona baino gehiago bertaratu dira.
Administrazio Kontseiluaren beste gai batzuk
Bestalde, BILBAO Ría 2000k jaso du Zorrotza Muturreko eremuan hirigintza-jarduketa egikaritzea eta kudeatzea agintzen dion udal-ebazpena. Hori dela eta, Administrazio Kontseiluak ontzat eman du erakundeen arteko lantalde bat eratzeko kudeaketak hastea. Bilboko Udalak, ADIFek, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BILBAO Ría 2000k osatuko dute lantalde hori, eta sozietate honek koordinatuko du. Haren helburua izango da jarduketa-plan berria garatzeko beharrezkoak diren analisi estrategikoen, bideragarritasun-azterketen eta proiektuen jarraipena egitea, aztertzea, balioestea eta onestea.
BILBAO Ría 2000 sozietateari buruz
BILBAO Ría 2000 adostasun-gune bat da, Bilbo metropolitanoko lurraldea sozialki eta ekonomikoki garatzera bideratua.
Administrazio publiko guztiek esku hartzen dute haren Administrazio Kontseiluan, eta, hori dela eta, kideek proiektu konplexuak bultza ditzakete beren egunerokotasunetik harago eta fase guztietan: ikuspegia, plangintza, proiekzioa eta egikaritzea.
BILBAO Ría 2000ren jarduketa-planek toki berean dute abiapuntua eta helmuga: pertsonak, auzoa, hiria eta lurraldea. Plan horiek bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen dituzte, jarduera ekonomikoa bultzatzen dute eta inguruneak konektatzen dituzte egungo eta etorkizuneko biztanleekin, betiere inklusioa, jasangarritasuna eta aniztasunarekiko errespetua irizpide gisa harturik. 1992an sortu zenetik, sozietateak 1.000 milioi euroko inbertsioa gainditu du, lurraldea sozialki eta ekonomikoki garatzera bideratuta.
Lurralde-proiektu konplexu horiek perspektiba, gaitasuna, esperientzia eta adostasuna eskatzen dituzte, eta horiexek dira, hain zuzen, BILBAO Ría 2000ren balio nagusiak.