BILBAO Ría 2000ko Administrazio Kontseiluak, gaur bilduta, honako erabaki hauek hartu ditu:

 

  1. VIUDA DE SAINZ, S.L. – PERICA OBRAS Y SERVICIOS, S.A. ABEEri adjudikatzea “Nerbioiko Erribera Parkea urbanizatzeko lanen 1. Fasea, Barakaldon”,  7.042.915,36 €-ko zenbatekoagatik, BEZa eta zergak kanpo utzita, 18 hilabeteko gauzatze-epearekin.

Kontratazio honen xede diren lanetan sartzen da BILBAO Ría 2000k orain dela urte batzuk eraiki zuen kaxa estaltzeko lur-mugimendu bat, Adif-en trenbideak zirkulatzen duen eremuan. Era horretan, neurri handiko bi terraza sortzen dira, parke osoa iragazkortzen duten bide, pasealeku eta eskaileren sare baten bitartez konektatuta. Goiko terrazan, jolastokiak, egoteko lekuak, piknik guneak, patinaje pista bat eta hiri-ortuen eremuak jarriko dira; beheko terrazan, berriz, pump track pista bat, ur-jolasetarako gune bat, solarium bat eta plaza berde handi bat jarriko dira. Plaza hori parkearen bihotza izango da, eta askotariko erabilerak eta ekitaldiak hartuko ditu.

Proiektuak egurrezko egitura eta estetika industriala izango dituen erabilera anitzeko pabilioi bat ere hartuko du barne, baita egurrezko zaldain bat ere, parkearen Hegoaldeko sarrera Franco-Belga konpainiaren antzinako Mineral-kargalekuarekin konektatzeko.

Pabilioiaren aurrean, hiri-hondartza bat eta pantalan flotagarri bat jarriko dira, urtetara iritsi ahal izateko eta Portuko dartsenan ur-jarduerak garatzeko. Gaur egun, Bilboko Portu Agintaritza eremu hori dragatzen ari da, instalazio eta erabilera horiek bertan jartzea ahalbidetzeko.

Azkenik, eremu osoa lorategiz hornituko da, biodibertsitatea parkean sustatzeko xedez, eta elementu informatiboak ere jarriko dira, horien artean ingurune horretako ondare industriala azaltzen duten mugarriak, baita Magdalena Abakanowiczen “Dancing Figures” eskultura ere. Orobat, proiektuak barne hartzen ditu zerbitzu publikoen sareak, hiri-altzarien instalazioa eta espazio publikoa osatzen duten gainerako elementuak.

 

  1. Informazioa jasotzea Barakaldoko Pormetxeta plazako segurutasun-neurriak eta argiteria aldatzeko lanen I. Fasearen oraingo egoeraz, eta baita plaza hori Biziberritzeko Planaren II. Fasearen oraingo egoeraz eta beraren aurreikuspenez ere.

 

  1. Fasearen lanak gauzatzen ari dira, eta aurrera doaz lanen gauzapen normala oztopatzen zuten zirkunstantzia batzuen ondorioz aldatutako proiektua iragan azaroan onartu ondoren. 1. Fasearen amaiera aurtengo apirilerako dago aurreikusita.

 

Horrekin batera, aurrera egin da lan horien 2. Fasearen Aurreproiektuan, Barakaldoko Udalarekin ados jarrita. Gauzapen Proiektua prestatuta dagoenean, Udalak onartu egin beharko du, eta horren ostean BILBAO Ría 2000k lanen lizitazioa abiatuko du.

Beste alde batetik, BILBAO Ría 2000ko Akziodunen Batzarrak, bera ere gaur bilduta, Olabeagako Operazioa Sozietatearen aldetik garatzera zuzendutako Erakunde arteko Hitzarmena berretsi du. Hitzarmen hori Sozietatearen Administrazio Kontseiluak onartu zuen aurretik, 2022-11-21ean egindako bileran.

BILBAO Ría 2000ko Akziodunek konpromiso hau hartzen dute, modu mankomunatuan eta espresuki: Sozietateari ematea Olabeagako Operazioaren ondare-oreka eta finantza-kaudimena une orotan mantentzeko beharrezkoa den finantza- eta enpresa-sostengua, operazioa garatzen den bitartean eta guztiz amaitu arte, BILBAO Ría 2000k bere betebehar guztiak osorik eta puntualtasunez bete ahal izan ditzan.

Hitzarmenaren edukiaren helburu nagusia da Olabeagako Operazioa garatzeko beharrezkoak diren baldintzak eta konpromisoak ezartzea eta arautzea. Operazio horren ardatza da Bilbo-Santurtzi trenbidea Olabeaga auzoan integratzea eta auzo horren hiri-berrikuntza gauzatzea, hiri-eremuaren baitan.

Hitzarmen hau ADIFen barnean tramitatzen ari da, eta oraingoz ez da tramitatu ez MITMAren aldetik eta ezta Bilboko Udalaren aldetik ere.

Hitzarmenaren zirriborrora eramaten den ikuspegi nagusia da jardueraren garapenaren oinarria Adifen, Bilboko Udalaren eta BILBAO Ría 2000ren ekarpenak direla, operazioa osatzen duten jardueren eta lanen gauzapenaren bideragarritasuna bermatzeko xedez. Ekarpen horiek neurri handiagoan edo txikiagoan itzuli eta berreskuratu ahal izango dira etorkizunean, eremua hirigintza aldetik garatzen denean eta bertan sortzen diren orubeak merkaturatzen direnean.